Navigation
User login
|
Kukula
EHko txoko galduenetan kokaturiko mendia dugu. Piramide moztuaren formako mendi hau Algaraieta mendizerrako mendebaldeko muturrean gailentzen da. Ez da erraza Kukularaino iristea. Erronkari ibarreko errepidetik gertu dagoen Bideko Ama birjinaren baselizaren inguruetan hasten da bidea, 19. kilometroan dagoen zubian. Pintano (zenbait mapetan, Ugañain) ibar estuan gora eginen dugu... eta bertan lehenbiziko zailtasunak aurkitu: pistak behin eta berriz zeharkatzen du erreka. Ur handia ibiliz gero, ezinezkoa izanen zaigu aurrera egitea. Hainbat kilometroren ostean, arroila estutzen den gune batera iritsiko gara. Orain arte ia ez gara igo. Pistatik atera eta bidexka erdi itxietan gora eginen dugu, Kukularen hego-mendebaldeko isurialdetik. Neke eta lan ugarien ondoren, (ia ez dago markarik) basoa azpian utzi eta zelai idorretan gora eginen dugu. Azkenean, goiko harkaitz laua begiztatu eta tontorreko zelaian atseden hartu ahal izanen dugu. Arreta hartu behar dugu azken erasoa mendebaldetik egiteko, bestela harkaitzek eragotziko digute bidea. Seguruenik, errazagoa eta laburragoa izanen da Algaraietatik abiatzea gailurreratzeko, baina ez dakit ibiltzeko moduko biderik egonen den. Gaur egun, jendetzaz inguraturik bizi garen honetan, merezi du ahalegindu eta halako toki bakarti eta ezkutuak bisitatzea. Lan handiak hartuko ditugu, bai, baina sari ederrak ere bai. |
|||||||||||||||||||
| em.luberri.net is not responsible for any incorrect, unauthorized, or inappropriate content. The information you find on this site could be inaccurate. Use your judgement. |