Ibilbideak: Araba

Lurraldeak

Ibilbide mota

JFdeA-k bidalia 2008, ekaina 9 - 19:59-an
Kategoriak Araba
ABIAPUNTUA antoñana
Eskema Antoñana-Korres-Muela-Korres-Soila-Antoñana

Izki Arabako Hego Ekialdean dugu.
Sei bat orduko joan-etorriko ibilaldiaz eta Soila eta Muela tontorrak eginez paraje zoragarri hau ezagutzeko aukera itzela.
Antoñana herriko trenbide ohiaren tren-geltokia abiapuntu eta helmuga hartuta HMra joko dugu. Berton bidearen nondik norakoak eta argitasunak daude.
Seinale horiak jarraituta eta eguneko martxa hasi eta gutxira lehen erabakia hartzea tokatuko zaigu: zuzen Korres herrirako bidea jarraitu eta bueltarako Soila tontorra utzi ala, alderantziz, Korres-erako bidean Soila egin.
Azken erabaki hau hartuz gero Haginaren bidezidorraz baliatuko gara. Eta horixe da bidean topatuko duguna: sekulako hagina. Eta hori gutxi balitz, baita lizartzar bat ere.

ietxaburu-k bidalia 2008, apirila 26 - 20:17-an
Kategoriak Araba
ABIAPUNTUA Leze (Ilarduia)
Eskema Leze-Olano-Illarragorri-Allaitz-Azkosaroi-Aratz-Apota-Leze

Altsasutik Gasteizera goazelarik, errepidetik, Egino herriaren parean, eskuineko mendiaren beheko partean, leze itzel baten ahoa ikusiko dugu. Bada hortik hasiko da ibilaldi hau. Beratara hurbiltzeko, N1 errepidea utziko dugu eta Egino herrira hartu eta hemendik Ilarduia herritxora jarraitu, baina bertara iritsi baino 300 m. lehenago, eskuinetara pista bat ikusiko dugu, Lezera joateko bidea dela jartzen duen karteltxo batekin. Kilometro eskas eginda, aparkatzeko lekura iritsiko gara (590 m).

JFdeA-k bidalia 2008, apirila 6 - 11:14-an
Kategoriak Araba
ABIAPUNTUA Andoin
Eskema Andoin-Andoineko lepoa-Legunbe-Legaire-Bikuña lepoa-Baio-Mirutegi-Surbe-Akarrate-andoin

Andoain herritik abiatu Entziarantz, Hra. Lehenengo aukeran HMrakoa hartu eta bide nagusi hori ez galdu. Aprobetxatu bide bazterrean albo bietako hariztiaz gozatzeko. Ikusiko duzue ez direla atzo goizekoak hango haritzak.
andoin lepotik Era jo mendi-zerraren ertzetik bi lurraldeen arteko mugaraino, Araba eta Nafarroa eta bakoitza bere Legunberekin. Por zierto, noizko Euskal Herria? Mendian ere zatiketa?
Hesitik behera jaitsi Hra bide nagusiarekin topo egin arte, Mrantz.
Legaire zeharkatu norabide berean Bikuña leporantz. Txabola batzuen aurretik egingo dugu aurrera. Hartu bide nagusia eta ez utzi. Horrexek eramaten du Bikuña lepora.

JFdeA-k bidalia 2008, urtarrila 6 - 13:27-an
Kategoriak Araba, Burgos
ABIAPUNTUA Nograro
Eskema Nograro-Mota-Cueto-Nograro

Nograro Arabako Gobiaran koadrilako herria dugu. Arabaren mendebaldean dago, Artzena mendi zerraren Iean.
Herritik Hra jo. Herritik bertatik ateratzen den pistaz baliatuz.
Ez galdu bi tontorren (Mota, ekialdera, eta Cueto, mendebaldera) erreferentzia, irteera honen zailtasuna pisten eta bideen ugaritasuna baita.
Jo bi tontor horien artean dagoen mendi lepora. Bertotik tontor batera eta bestera ordu erdiko bidea dago.
Tontorrak Bi bailaren arteko mugak ditugu: Losa eta gobiaran. Eta ikuspegia zoragarria: Hra Umion, Obarenes, Demanda; Mra Balderejo, Europako tontorrak; Ira Salbada, Gorbeia, Anboto; Era Kantauri mendi zerra, Aitzgorri, San Donato.

Jose-k bidalia 2007, apirila 14 - 11:33-an
Kategoriak Araba, Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Arlaban mendatea
Eskema Arlaban - Landa - Usako atxa - Albiturri - Arlaban

Mendi bizikletarentzako den ibilbide honek, Arlaban mendatetik abiatuta Elgeamendi mendikatearen mendebaldeko bi tontor lotzen ditu, Usako atxa eta Albiturri, igoerakoaren ezberdina den bide batetatik Arlabanera itzuliz. Aldapa gogorrak daude tarteka, bai gora eta baita behera ere, behin baino gehiagotan oina lurrean ipintzea behartuko gaituztenak, baina ibilbide polita eta entretenigarria da.

inaxio-k bidalia 2006, uztaila 16 - 20:37-an
Kategoriak Araba
ABIAPUNTUA Egileor
Eskema Egileor - Alangua - Opakua - Arrigorrista - Larredez - San Juan mendatea - Santa Elena - San Juan mendatea - Egileor

Egileor nahiz Alanguatik abiatu zaitezkete, baina ni Egileorretik abiatuko nintzateke (nahiago dut bien arteko errepideko zati gogaikarri hori hasieran egin). Egileorrera heltzeko erabili duzuen errepidean atzera egin eta hurrengo (ERNE!) bihurgunean bertan dagoen bidegurutzeari kasorik egin gabe, hurrengora joko dugu, Alanguara jotzeko. Errepideari jarraituz helduko gara Alanguara eta herria zeharkatu eta elizaren aldamenetik abiatzen den pista zabalari jarraituko diogu. Laster egingo dugu topo abereentzako aska batzuk eta hesiarekin. Hura pasa eta aldapa luze eta gogaikarri bati ekin beharko diogu: lurrezko bide zabala da, larrean gora egiten duena tarte luze batean. Bide berari jarraituz helduko gara, halako batean, basora. Basoan bideak tarteka berdinean jarraitzen du, aldapari muzin eginez, eta irregularragoa da, tarte batzuetan xenda baino ez, baina arrasto nabarmenenari jarraituz jo behar dugu ekialdera, goien nabari den Arrigorristako malkarren magaletik. Hala, aldapan poliki-poliki gora eginez, helduko gara Opakua aldeko kanpalekura, mendiaren ekialdeko lepora. Hantxe bertan topatuko dugu mendiaren bizkarrean gora abiatzen den bidezidorra, pagadian barrena, eta bizkarrari jarraituz helduko gara tontorrera (pintura gorrizko marka borobilak nonahi -2006/7/15-).

inaxio-k bidalia 2006, ekaina 25 - 10:08-an
Kategoriak Araba
ABIAPUNTUA Durruma Kanpezu
Eskema Durruma Kanpezu - La Casilla lepoa - Muela - La Casilla lepoa - El Santo haitza - begiratokia - San Roman ermita - Durruma Kanpezu

Durruma Kanpezu edo San Roman de Campezo herriaren goi aldean dagoen Elizaren atze aldetik abiatzen da bidea IEko norabidean, eta norabide horri jarraituz helduko gara La Casilla lepora. Handik gora ertz harritsuari jarraituz joko dugu tontorrera (bide arrastorik ez, baina leku garbia da). Altura beretsuko haitz mutur batzuek osatzen dute gailurra eta horietako bat da tontorra (erpin geodesikoa eta buzoi gurutzeduna).

Igoeran erabilitako bide beretik lehengo lepora jaitsi eta El Santo izeneko haitzera joko dugu. Haitzera gerturatzean bidezidorra banatu egiten da. Arrasto nabarmenena zeharka-zeharka abiatzen da haitzean zulatutako San Romanen ermitara, baina bada beste arrasto bat aldapa handienari heltzen diona: hori da jarraitu beharrekoa. Erne! Bidezidor hau ere, hormara gerturatu ahala, ezker aldera lerratzen da tarte batean, baina hormara jotzen du geroago, hura gainditzeko pasarte baten bila. Zailtasunik gabe gainditu daiteke bide egokia jarraituz gero. Gandorrera heldutakoan, nahi izanez gero, ekialdeko muturrera joan eta Muelaren gaineko ikuspegi ederrarekin gozatu bat hartu ondoren, leku berera itzuli, eta gandorraren zeharkaldiari ekingo diogu.

inaxio-k bidalia 2006, ekaina 24 - 13:48-an
Kategoriak Araba
ABIAPUNTUA Antoñana
Eskema Antoñana - Agiñetako bidea - Soila - Korresko bidea - Antoñana

Ibilbide honek Izkiko eremuaren barruan egiten du bere bidea, parkeko bide-sarea osatzen duten bidezidorrak erabiliz. Bide-sare hori ongi seinaleztatuta dago, nahiz eta batzutan (2006/06/23) seinaleak bakan izan, landaretzak tapatuta egon (marka horia duten posteak) edo ezabatzen hasita egon (pintura marka zuri-horiak). Jendea dabilen lekua da bestela, eta arrastoa nahiko nabarmena da gehienean.

Antoñana Kanpezu eta Maeztu arteko errepidearen bazterrean gelditzen den herrixka polit bat da, oraindik ere harresiz inguratua. Handik abiatu, zubi gainetik pasa eta aipatutako errepidea zeharkatu behar dugu, zubiak agintzen duen norabide berean (mendebaldera) jarraituz. Hala geltoki zaharra eta etxe dotore batzuen artetik pasata behehala egingo dugu topo Buxandako errepidearekin. Hura ere zeharkatu eta soro baten bazterretik jarraitzen duen lurrezko pista batekin egingo dugu topo: huraxe da bidea (astigar baten adarren artean erdi-ezkutaturik dago lehenengo bide-seinalea). 300 m aurrerago bidegurutze batekin egingo dugu topo eta eskubi aldera joko dugu; 100 m geroago, berriz, ezker aldera, basoaren bazterretik, mendebalderantz.

inaxio-k bidalia 2006, maiatza 1 - 21:56-an
Kategoriak Araba, Gipuzkoa
ABIAPUNTUA Lezea
Eskema Lezea - Olano - Arbarrain - Atabarrate - Umandia - Albeiz - Lezea.

Lezea da abiapuntua. Lezera heltzeko errepidea Egino eta Ilarduia arteko errepidetik abiatzen da, Ilarduiatik 500 bat m-ra. Aisigune zabala hedatzen da Lezearen ahoaren inguruan eta aparkatzeko leku ugari dago.

Leizeari bisita egin eta haren ezkerraldetik gora egin behar dugu, hormaren oinetik. Laster topatuko dugu horma berean egindako ebaki bertikal bat, eta haren aldamenean, harrian gora abiatzen den bidea, alanbre batez lagunduta. Alanbreari jarraituz igoko ditugu lehenengo metroak, amildegiaren ertzetik, eta menditik behera datorren hodiarekin egingo dugu topo aurrerago. Bideak hodiaren aldamenetik egiten du gora zenbait metrotan, baina goraxeago bereizi eta Ekialdeko norabidea hartzen du, sastrakadian barrena, eremu irekiago batera heltzeko geroago. Arretaz jarraitu behar da bidea, izan ere arrasto ugari dago aldapa horretan eta ez da marka nabarmenik ageri (2006-5-1). Ekialdeko joerarekin jarraitzen du bideak puska batean, sigi-saga tarte batean, gero aldapa leundu eta halako batean Iparraldeko joera hartuz berriro aldapari ekiten dion arte, gandorraren bila. Koloxkako ertza baino metro batzuk gorako heltzen da gandorrera (Koloxka Lezearen beste aldeko sarreraren gainean dagoen amildegiaren ertz zorrotza da, kontuz ibiltzeko lekua), eta zailtasunik gabe jarraitzen du gandorra Ekialdera, harri eta sastraka artean. Horrela helduko gara Olanoko tontorrera.

JFdeA-k bidalia 2006, otsaila 13 - 11:49-an
Kategoriak Araba
ABIAPUNTUA Teresoko Ribas gainetik
Eskema Teresoko Ribas gainetik-Hamabiak haitza-Toloño-Azkorri-Tereseko Ribas gainera

Tereseko Ribasetik aurrera egin dugu, Urizaharreranzko norabidean. Herritik 2,2 km.ra errepidearen albo batean kotxea utzi eta gaurko ibilbidean abiatu gara, ILaren seinaleak jarraituz.
IMendebalderako norabidean Hamabiak tontorrerantz jo dugu .
Umiltze lekuaren aztarnetara heldu gara, gorantz jarraitu dugu, Irantz. IEranzko bidezidorra hartu dugu, harripilak daude, Toloñorako bide nagusia bertan behera utzi dugu, bidezidorrak Hamabiak haitzera eramango gaitu.
Hamabiak haitzetik, gezurrezko Toloño, Toloñora abiatu gara goilautada zeharkatuz IErantz.
Bertotik Iera ikus ditzakegu Zapiturri, Ortada lautada, ... .