Pinetako bailara glaziar ederraren inguruan 3.000 metrotatik gorako tontor bat baino gehiago dago, Perdido eta Munia esaterako. Hauetako edozeinetara joateko abiapuntu egokia izan daiteke Pineta, baina kontutan izan beharrekoa da igo behar den altuera. Hemen azaltzen den ibilbideak Astazouko tontor bikoitza du helmuga.
Bertara iristeko bidea luzea eta gogorra da, baina baita ederra eta entretenigarria ere. Ikusgarria ikuspegi ederrak eskaintzen dituelako: Pinetako zirkua, Cinca urjauzia, Perdidoko glaziarra, Gavarnieko zirkua... Eta entretenigarria etengabe aldatzen den bidea delako: hasieran basoan zehar, gero Pinetako Balkoira bidean bidezidor batetan sigi-saga, Marboré aintziraren inguruko paisaia soila, hartxingadia Astazou lepora igotzeko, gandor zorrotza Astazou Txikitik Handira bidean,... Gainera sarrioak gertutik ikusteko aukera ona izan dezakegu, paraje hauetan jende gutxi ibiltzen denez sarrioak lasai bazkatzen baitira.