Lescundik Hiru Erregeen Mahairako ibilaldi honetan, igotzeko eta jaisteko, bide desberdinak erabiliko ditugu, baina badago bide gehiago ere bai.
Lescun herritik aurrera jarraitu Ansabereko bailaran zehar eta Pont de Masousa (960 m.) izeneko lekuan utziko dugu autoa, jaisterakoan hementxe bukatuko dugu eta.
Errepidetxo batetik, Borde d’Anapia ondoan dagoen bide gurutzeraino joango gara (2,5 km) ordu erdian. Hemen Lescun herrira, edo Sanchèse belardietarako bideak utzi eta Lhurs aintzirara (ondo seinalatua) doan pista hartuko dugu. Hasierako hogei minutu ia lauak egin ondoren, pista utzi eta eskuinetara gora hartuko dugu, pagadiaren zehar, Lhurs eta Billare mendien artean dagoen ibarrerantz. Bi mendi hauen tartean sartzean, zuhaitzak bukatu, eta aintziratik datorren erreka zeharkatuko dugu eta beste ordu erdian, Lac de Lhurs aintziran gaude (1691 m., 2 ordu eta 20 minutu)