routes

Submitted by Jose on Wed, 2008-05-07 19:15.

Jarraian azaltzen den ibilbidea Lizuniaga mendatetik Urdazubi herrira doan zeharkaldi bat da, Ibanteli, Arxuria eta Mendibil mendien tontorretatik igarota. Garaiak izan ez arren, Ibantelik eta Arxuriak mendizale asko erakartzen dituzte, Arxuriak batez ere, hegoaldera erakusten dituen malkar ikusgarriek itxura berezia ematen baitie. Ikuspegi zabalak eskaintzen dituzte biek. Ibanteli eta Arxuria arteko bidea mendi-bizkar leun batetan zehar egiten da. Etxalargo usategiak daude tarte honetan. Mendibiletik Urdazubira jaisteko berriz, Urbia eta Loiara lepoetatik pasatzen da, Mitxelen Bordako errekastori jarraituz Urdazubira iristeko.

Submitted by inaxio on Tue, 2008-05-06 21:05.

Narbarten, errepidea jarraituko dugu Oronoz-Mugairi aldera herriko irteerarantz, iturri dotore bat ikusi arte ezker aldean: haren aldamenetik abiatzen den bide zabalari jarraituko diogu mendi aldera. Belardi batzuen artetik pasa, etxe bat atzean utzi eta laster helduko gara bidegurutze batera; ezkerrera joko dugu han, mendi aldera berriz ere. Hurrengo bidegurutzean ere bai, ezker-eskubiko bideak bazterrean utzi eta basorantz joko dugu. Basoan sartu eta bihurgune pare baten ondoren, beste bidegurutze batekin egingo dugu topo; han eskubi aldekoa utzi eta aldapan gora egiten duen pistari jarraituko diogu. Bide honek sigi-saga egiten du aldapan gora, nahikoa dugu gora egiten duen arrasto nabarmenena jarraitzea puska batean. Halako batean gain zabal batera heltzen da eta arrastoa desagertzen doa; aurrean izango dugu ordurako Oteitzoianaren HEko gandorra. Gandorrerantz jo eta laster egingo dugu topo Narbarte aldetik datorren pista zabalarekin.

Submitted by inaxio on Wed, 2008-04-16 07:44.

Monrealgo herrigunearen hegoaldera jo behar dugu, erreka aldera. Han bi zubik gainditzen dute erreka. Horietako bat erromatarren garaikoa omen da: argazkiak botatzeko leku aproposa da. Baina beste zubitik pasatzen den asfaltatutako bide zabala da guk jarraitu behar duguna, soroen artean. Laster pasako gara etxe baten paretik. Han bi bide bereizten dira errepidetik. Guk eskubi aldetik abiatzen den gurdibide belartsua hartu behar dugu, hormaren aldamenetik doana. Erreka bat zeharkatu eta aldapan gora arrasto nabarmenena jarraituz errepidera aterako gara berriro gorago. Arrastoak (pintura horiz egindako markak) errepidearen beste aldean jarraitzen du, eta hori da ohiko bidea, baina guk errepidetik jarraituko dugu, eskubira joz. Hesiz inguratutako etxe baten aldamenetik pasa eta berehala helduko gara bihurgune batera. Han errepidea utzi eta bertatik abiatzen den pista zabala hartuko dugu.

Submitted by inaxio on Sun, 2008-04-06 09:56.

Izko herriko sarreran dagoen gurutzetik erreka aldera jaisten den bidetik abiatuko gara. Erreka pasa eta bertan bidea bitan banatzen da. Ezkerrekotik jo eta soro artetik doan pista zabal bati jarraituko diogu, aldaparik gabe. Kilometro batera pistak ezkerrera jotzen du, errepide aldera, baina guk norabide berean jarraitzen duen bidezidorrari jarraituko diogu: Santio Bidea da, erosoa eta nabarmena. Laster sartuko gara pinudian eta pinudian sartzearekin batera aldapa nabarmentzen doa. Arrasto nabarmenenari jarraituz, pista zabal batera helduko gara laster: Loitiko mendatetik datorren bidea da. Eskubi aldetik jarraituko dugu, baita hurrengo bidegurutzean ere, metro gutxira. Handik aurrera pista zabal horretan gora egitea aski dugu kilometro pare baten ondoren bizkarrera heltzeko.

Submitted by inaxio on Sun, 2008-03-30 12:22.

Amunarrizketako eliza eskubi aldetik saihesten duen pista zabaletik abiatuko gara eta gari-soroen bazterretik egingo dugu aurrera 3 bat kilometrotan. Pista nagusiari jarraitu behar zaio, ez dago nahasterik. Halako batean pista pinudi batera heldu eta aldapa gogortu egiten da, baina pista berak eramago gaitu mendi-bizkarrera.

Bizkarrean bidegurutze batekin egingo dugu topo. Eskubira jo behar dugu han, pista zabal batean aurrera. Pistak berak eramango gaitu San Pelaioaren tontorreraino, tarteko muinoak batzuetan eskubi aldetik eta bestetan ezker aldetik saihestuz. Bi kilometro inguru dira egin beharrekoak.

Submitted by inaxio on Mon, 2008-03-17 14:21.

Aizoain herriko elizaren eskubi aldetik mendian gora abiatzen den porlanezko pistari jarraituz helduko gara hilerrira. Haren aldamenean dagoen aparkalekua sare batez hesituta dago, baina hautsita dago tarte batean (2008-3-16): handik abiatzen den bidezidorrari ekin behar diogu.

Lehenengo metroetan bidezidorrak behera egiten du tarteka, pinudian barrena; nahikoa da arrasto nabarmenenari jarraitzea. Laster egingo dugu topo gurdibide zabalago batekin eta eskubi aldetik gora joko dugu. Berehala helduko gara zabalgune batera. Ezker aldera jo eta bide arrasto nabarmen bat topatuko dugu, aldapan gora abiatzen dena. Hari jarraituko diogu puska batean, artadiaren itzalean gehienean, beste bide zabalago batekin topo egin arte. Bide berri honetan ere eskubi aldera joko dugu, gora eginez. Halako batean beste zehar bide zabalago batekin egingo dugu topo, baina hura gurutzatu eta norabide berean jarraituko dugu, mendiaren bizkarrera heldu arte.

Submitted by Jose on Tue, 2008-02-12 21:55.

Etxegarate mendatearen gainean kokatua, Areatza, tontor bat baino gehiago gorabehera txikiko mendi-bizkar bat da. Areatza hegoaldeko ertza da, iparraldekoak Aitxu du izena, eta bien artean Izozkoa gaina dago. Etxegarate abiapuntu hartuta itzuli erraz eta polit bat egin daiteke, igoeran Unanibi lepotik igarota, eta jaitsiera GR bideen markak jarraituz eginez.

Submitted by Jose on Mon, 2008-02-11 20:44.

Intzako Dorrera igotzeko abiapuntu egokia da Guardaetxea. Pagomari eta Errenagatik igarota Intzako Dorreko azken maldei hegoaldetik ekitea izango da ziurrenez tontor honetara iristeko aukerarik errazena. Itzulera Unagako larreetatik eginez gero itzuli eder bat osatuko dugu, eta Beloki muinoaren gaina zapaltzeko aukera eskainiko digu.

Submitted by ietxaburu on Wed, 2007-12-26 21:36.

Erratzu herritik abiatuta, Gorostapalo auzora doan kamioa jarraituko dugu. Auzoaren sarreran, Salbea otoitz egiteko dioen ermitatxoa igaro ondoren, ezkerretara, errekara jaisten den bidea hartuko dugu. Zubia igaro eta berrogeita hamar metrora, ezkerretara Iñarbil auzora doan bidea utzi eta guk eskuinekoa jarraituko dugu. Aurreraxeago, berriro bi aukera ditugu: behekoa jarraituz, denbora gutxian Xorroxin ur jauzira iritsiko ginateke, baina guk ezkerrekoa, gorantz egiten duena jarraitu behar dugu. Bost bat minutura, erdi borda erdi baserri batera iristear gaudenean, bide zabaletik eskuinetara bide xumeagoa ateratzen da eta guk hortik jarraituko dugu. (Bide gurutze guzti hauetan, marra zuri/horiak daude, jarraitu behar dugun bidea seinaluz)

Submitted by inaxio on Wed, 2007-10-24 20:53.

Itzulegiko lepora heltzeko bi aukera dauzkazue: bata autoz joatea, Otsondo mendatetik datorren asfaltatutako bide zabalari jarraituz (edozein autorekin ibiltzeko modukoa da) eta Amaiur aldetik igotzea bestea, oinez, Antzabal muinoaren bizkarrean gora (bide honetatik igo naiz, baina ez dut uste bide egokiarekin asmatu dudanik: PR markekin markatuta egon beharko luke, eta nik ez ditut ikusi).

Otsondo aldetik etorrita, Itzulegi lepora heldutakoan (ERNE, ez da erraza abiapuntu egokiarekin asmatzea), ezker aldetik Aritzakun aldera jaisten den bide zabal bat topatuko dugu, baina EZ dugu hori hartuko. Errepidean Gorramendi aldera aurrera jarraitu eta ezker aldean dagoen adreiluzko eraikin zatar bat topatuko dugu: autoa uzteko leku aproposa da. Haren ondotik abiatzen da pista zabal bat, borda pare baten aldamenetik paseaz... hori ere EZ da bidea. Goraxeago dagoen hurrengo pista da: iturri baten aldamenetik pasa eta gorantz egiten du, bidezidor bihurtuta, baina arrastoa nabarmena da.