routes

Submitted by inaxio on Tue, 2008-05-06 21:05.

Narbarten, errepidea jarraituko dugu Oronoz-Mugairi aldera herriko irteerarantz, iturri dotore bat ikusi arte ezker aldean: haren aldamenetik abiatzen den bide zabalari jarraituko diogu mendi aldera. Belardi batzuen artetik pasa, etxe bat atzean utzi eta laster helduko gara bidegurutze batera; ezkerrera joko dugu han, mendi aldera berriz ere. Hurrengo bidegurutzean ere bai, ezker-eskubiko bideak bazterrean utzi eta basorantz joko dugu. Basoan sartu eta bihurgune pare baten ondoren, beste bidegurutze batekin egingo dugu topo; han eskubi aldekoa utzi eta aldapan gora egiten duen pistari jarraituko diogu. Bide honek sigi-saga egiten du aldapan gora, nahikoa dugu gora egiten duen arrasto nabarmenena jarraitzea puska batean. Halako batean gain zabal batera heltzen da eta arrastoa desagertzen doa; aurrean izango dugu ordurako Oteitzoianaren HEko gandorra. Gandorrerantz jo eta laster egingo dugu topo Narbarte aldetik datorren pista zabalarekin.

Submitted by ietxaburu on Sat, 2008-04-26 19:17.

Altsasutik Gasteizera goazelarik, errepidetik, Egino herriaren parean, eskuineko mendiaren beheko partean, leze itzel baten ahoa ikusiko dugu. Bada hortik hasiko da ibilaldi hau. Beratara hurbiltzeko, N1 errepidea utziko dugu eta Egino herrira hartu eta hemendik Ilarduia herritxora jarraitu, baina bertara iritsi baino 300 m. lehenago, eskuinetara pista bat ikusiko dugu, Lezera joateko bidea dela jartzen duen karteltxo batekin. Kilometro eskas eginda, aparkatzeko lekura iritsiko gara (590 m).

Lezetik datorren erreka eskuinean dugularik, mendiaren azpira hurbilduko gara eta mendian gora (burdinazko kable bat lagun) doan bidea ikusiko dugu. Inor ez dadila izutu, bideak ez du inolako arazorik eta berehalaxe mendiko bide arrunta bihurtzen da.

Submitted by inaxio on Wed, 2008-04-16 07:44.

Monrealgo herrigunearen hegoaldera jo behar dugu, erreka aldera. Han bi zubik gainditzen dute erreka. Horietako bat erromatarren garaikoa omen da: argazkiak botatzeko leku aproposa da. Baina beste zubitik pasatzen den asfaltatutako bide zabala da guk jarraitu behar duguna, soroen artean. Laster pasako gara etxe baten paretik. Han bi bide bereizten dira errepidetik. Guk eskubi aldetik abiatzen den gurdibide belartsua hartu behar dugu, hormaren aldamenetik doana. Erreka bat zeharkatu eta aldapan gora arrasto nabarmenena jarraituz errepidera aterako gara berriro gorago. Arrastoak (pintura horiz egindako markak) errepidearen beste aldean jarraitzen du, eta hori da ohiko bidea, baina guk errepidetik jarraituko dugu, eskubira joz. Hesiz inguratutako etxe baten aldamenetik pasa eta berehala helduko gara bihurgune batera. Han errepidea utzi eta bertatik abiatzen den pista zabala hartuko dugu.

Submitted by ietxaburu on Sat, 2008-04-12 16:56.

Zestoako Urola ibaiaren gaineko zubitik abiatuko gara (50 m.). Zubia igaro ondoren, gorantz doan porlanezko pista utzi eta eskuinetara, Zastarrain aldera doana hartuko dugu. Berehalaxe, Lili jauregi dotorearen aurretik igaroko gara eta Goltzibar errekaren ondotik ordu laurdenean Zastarrainera iritsiko. Hemen, pistak ezkerreko errekaren ondotik jarraitzen du eta hiru edo lau minutura, erreka ondotik jarraitzen duena utzi eta eskuinetara, gorantz hartzen duen porlanezko pistatik jarraituko dugu.
Hogei minutu gorantz eta Olazabal Azpikoa baserri aurrean gaude. Pistak, baserriaren atzetik bihurgunea egiten du eta hortxe, ezkerretara, zelaietan gorantz, bidea hasten da. Bide honek zelai batzuk zeharkatu eta pinudi batean sartuko da. Bidea bitan banatuko da; batek zuzen aurrera jarraitzen du baina guk eskuinetara gorantz doana hartuko. Minutu gutxira, pagoak izango ditugu lagun, baina berriro pinudi gazte batera iritsiko gara. Hemen (Olazabal Azpikoa baserritik 10 minutu) bidea sasiz ia estalita dagoela ikusiko dugu, baina eskuineko maldan gora, bide arrastoak daude. Arrasto horietatik gorantz 25 metro gora eginda, borda bat ikusiko dugu eta bere aurretik bide bat datorrela (segur aski Olazabal Goikoa baserritik dator bide hau). Bide hau hego alderantz jarraituz, Sagarreta deritzon kilometro pasatxoko sakanera eramango gaitu. Hemen pista hasiko da eta sakanaren beste alderaino joango gara (mendebalderantz). Azken metroak igo lepoa zeharkatzeko eta beste aldean, Lasturretik datorren errepidearekin egingo dugu topo, Aittola Berri baserritik hurbil. (550 m., 1:30 Zestoatik).

Submitted by inaxio on Sun, 2008-04-06 09:56.

Izko herriko sarreran dagoen gurutzetik erreka aldera jaisten den bidetik abiatuko gara. Erreka pasa eta bertan bidea bitan banatzen da. Ezkerrekotik jo eta soro artetik doan pista zabal bati jarraituko diogu, aldaparik gabe. Kilometro batera pistak ezkerrera jotzen du, errepide aldera, baina guk norabide berean jarraitzen duen bidezidorrari jarraituko diogu: Santio Bidea da, erosoa eta nabarmena. Laster sartuko gara pinudian eta pinudian sartzearekin batera aldapa nabarmentzen doa. Arrasto nabarmenenari jarraituz, pista zabal batera helduko gara laster: Loitiko mendatetik datorren bidea da. Eskubi aldetik jarraituko dugu, baita hurrengo bidegurutzean ere, metro gutxira. Handik aurrera pista zabal horretan gora egitea aski dugu kilometro pare baten ondoren bizkarrera heltzeko.

Submitted by JFdeA on Sun, 2008-03-30 10:37.

Ibildie honen hasieran IL.aren seinaleaz baliatu naiz Ataunetik Errenagarako pistarekin bat egin arte. Uidui borda-gunea gainditu ostean Erako norabidean Ira jo dut mendian gora Malkorri tontorrera. Ez dago markarik, bidean topo egin dut Zearragoena Jentil harriarekin.
Errenagatik aurrera berriz IL-aren seinaleak, eta Urretxiki bordatik aurrera Txortxorre bide osoan pagadi zoragarrian zehar.

Submitted by inaxio on Mon, 2008-03-17 14:21.

Aizoain herriko elizaren eskubi aldetik mendian gora abiatzen den porlanezko pistari jarraituz helduko gara hilerrira. Haren aldamenean dagoen aparkalekua sare batez hesituta dago, baina hautsita dago tarte batean (2008-3-16): handik abiatzen den bidezidorrari ekin behar diogu.

Lehenengo metroetan bidezidorrak behera egiten du tarteka, pinudian barrena; nahikoa da arrasto nabarmenenari jarraitzea. Laster egingo dugu topo gurdibide zabalago batekin eta eskubi aldetik gora joko dugu. Berehala helduko gara zabalgune batera. Ezker aldera jo eta bide arrasto nabarmen bat topatuko dugu, aldapan gora abiatzen dena. Hari jarraituko diogu puska batean, artadiaren itzalean gehienean, beste bide zabalago batekin topo egin arte. Bide berri honetan ere eskubi aldera joko dugu, gora eginez. Halako batean beste zehar bide zabalago batekin egingo dugu topo, baina hura gurutzatu eta norabide berean jarraituko dugu, mendiaren bizkarrera heldu arte.

Submitted by ietxaburu on Sat, 2008-03-08 10:03.

Itsasu herritik, Atheka Gaitza (Pas de Roland) izeneko paraje ederretik (Errobi ibaiaren ondotik) jarraituko dugu Laxia izeneko auzoraino. Hemen lehen iristen direnek kotxea aparkatzeko lekua izango dute.

Laxian (40 m.), izen bereko erreka zeharkatu zubitik, eta ekialderantz jarraituko dugu kamiotik, Errobi ibaia ezkerretara dugula eta ordu laurden ibili ondoren (ezkerretara beheraxego baserri bat igaro ondoren), eskuinetara ateratzen den pista asfaltatua hartuko dugu. Bost minutu ibili eta Ossingaraia baserrira iritsiko gara. Hemen, baserri ondotik zelaien barrena hego-mendebalderantz traktoreek ibilian ibilian egindako erdi bide lau bat jarraituko dugu eta beste bost minutuan, zelaien beste aldean dagoen borda zahar batera iritsiko gara. Hemen, mendian gora abiatzen den bide bat jarraituko dugu. Bide honek, hego mendebalderanzko norabidea jarraitzen du eta haran txiki batean sartzen da.

Submitted by Jose on Tue, 2008-02-12 21:55.

Etxegarate mendatearen gainean kokatua, Areatza, tontor bat baino gehiago gorabehera txikiko mendi-bizkar bat da. Areatza hegoaldeko ertza da, iparraldekoak Aitxu du izena, eta bien artean Izozkoa gaina dago. Etxegarate abiapuntu hartuta itzuli erraz eta polit bat egin daiteke, igoeran Unanibi lepotik igarota, eta jaitsiera GR bideen markak jarraituz eginez.

Submitted by Jose on Mon, 2008-02-11 20:44.

Intzako Dorrera igotzeko abiapuntu egokia da Guardaetxea. Pagomari eta Errenagatik igarota Intzako Dorreko azken maldei hegoaldetik ekitea izango da ziurrenez tontor honetara iristeko aukerarik errazena. Itzulera Unagako larreetatik eginez gero itzuli eder bat osatuko dugu, eta Beloki muinoaren gaina zapaltzeko aukera eskainiko digu.