Navigation
Aragón
Lurraldeak
User login
|
Aguerri
Oza aldeko mendi handienetako bat izanagatik Bisaurinen gertuko itzalak apaltzen du; ohiko igoerabidea ere harekin bateratua dauka eta aukera horretan beti tokatzen zaio bigarren izatea. Bide erabiliena Gabarditoko aterpetik abiatzen dena da, izen bereko sakanean barrena. Foratoneko lepora doan sendatik bereizten da bidea eskubialdean zutitzen diren hormatzar batzuen azpitik pasata gero eta erreka aldera jaisten da. Hura zeharkatu eta ezpel, larre eta harri artetik jarraitzen du bideak, Secus eta Foraton aldetik datozen errekak elkartzen diren gunera arte. Han Sekus aldetik behera datorren errekaren aldamenetik igotzen den bideari heldu beharko diogu elurrik ezean. Elurra izanez gero bada Bisaurin aldeko aldapan zeharbide bat Rincon de Secus izeneko larreetara eramango gaituena. Aterpe txiki bat edo beste topatuko dugu bidean, batean zein bestean. Rincon de Secus izeneko bailara ederrera irten eta gero, ezkerraldera jo beharko dugu, larreetan gora, Costatizaren magaleraino, eta han, Aguerriko lepoa bilatu. Lepora helduz gero tontorra bertan da, aldapa gogor baten ondoren. Elurrik ezean harriari heldu beharko diogu goi aldean eta elurrarekin, berriz, adi elurraren egoerari, iparraldeko isurialdea izanik oso gogorra egon baitaiteke (krapoiak eta pioleta komenigarri). Hurrengo argazki panoramiko hau Castillo de Acher aldetik ateratako argazki parearekin osatua dago. Atzean, erdialdean ageri den tontor zuria da Aguerrirena. Faja de Aguerri deritzo eskubi aldean luzatzen den harresi ikusgarri horri. |
|||||||||||||||||
| em.luberri.net is not responsible for any incorrect, unauthorized, or inappropriate content. The information you find on this site could be inaccurate. Use your judgement. |