Bi isurialde desberdinetan banatzen da Pagogan mendia: iparraldeko isurialdea Gasteiz aldeko lautadara jaisten da pagadiak estalitako bizkar luzetan behera eta hegoaldekoa, berriz, Trebiñoko goi-lautadara jaisten da emeki, aldapa handirik gabe, sakabanatutako arte eta ipuruz atondutako larreetan behera. Ingurua garbia da eta ibilbideak noranahi luzatzeko aukera ugari eskaintzen du. Tontorrean erpin geodesikoa eta perretxikoaren itxurako buzoia.
Bada ekialdean, urrutira gabe (Km 1), beste muino bat honek baino metro batzuk gehiago dituena (x532591, y4735417, 1044 m.) eta katalogoan aipatzen ez dena. Mendizaleon joera ezagututa, harek tontor aproposagoa ematen du, baina Pagoganekoa da zerrendan gelditu dena. Beste gain honetan buzoi bat dago, "San Cristobal" izenaz izendatzen duena. Erraza eta polita da nolanahi bien arteko bidea eta ibilbidea osatzeko egoki gelditzen da.
Ibilbide polita da. Jaitsiera errepidez egin beharrean pistaz egin daiteke seguraski, arazo handirik gabe, pista ugari dago iparraldeko isurialdeko baso horietan (aurreko egunetako euriagatik basoko bideak erabat lokaztuta daudelako jaitsi naiz errepidez).
em.luberri.net is not responsible for any incorrect, unauthorized, or inappropriate content. The information you find on this site could be inaccurate. Use your judgement.