Panticosako eremuko mendi handietako bat izan arren, mendizale gutxi dira Bainuetxetik abiatuta Gran Fachara igotzen direnak. Igoerarik errazena iparraldeko ertzetik duenez, Fachako lepotik alegia, Respumoso eta Wallon aterpeak izaten dira ohiko abiapuntuak. Baina badago bai Panticosatik igotzerik. Eta gainera ibilbide polita egiteko aukera ematen du, Bachimañako urtegietatik gora, Pecicoko aintziretatik pasatu ondoren hegoaldetik igo, iparraldeko ertzetik Fachako lepora jaitsi, eta ipar-ekialdetik inguratuz Panticosako portua gainditu eta Bachimañako urtegietatik Bainuetxera jaitsi.